ETA-REN ABERRI EGUNEKO AGIRIA EUSKAL HERRIARI

      ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, 2003ko Aberri Egunean Euskal Herriaren aldeko konpromisoa eta maitasuna agertzeko ekitaldietan parte hartzen ari zareten herritar guztioi agurrik beroena igortzen dizue. ETAn antolaturik independentzia eta sozialismoaren aldeko eguneroko borrokan ari garenok, zuek guztiokin batera, harrotasun eta kemenez beterik entzunaraziko dugu gure herriaren eta euskal herritarron eskubideen aldeko irrintzia.

      Une aproposa izan ohi da Aberri Eguna gure herria jasaten ari den zanpaketaren nondik norakoak berrikusteko, askapen borrokan egindako urratsak oroitzeko eta aurrean dugun erronka ongi zehaztu eta indarberritzeko.

      Azken hamarkada luzeotan sufritu dugun eraso faxistarik bortitzenaren zurrunbiloaren erdian iritsi gara Aberri Egun honetara.

      Batzuek ezker abertzalearen zatiketa irudikatzea lortu zuten iazko Aberri Egun tristeaz geroztik bi gertakari nabarmendu nahi ditugu:

      - Batasunaren aurkako frontea osatuz zubiak apurtu eta indarrak sakabanatzearen aldeko apustua egin zutenak euren artean zatiturik eta autonomismoaren tunel ilunean murgilduta agertzen zaizkigu.

      - Euskal Herriaren aurkako erasoaldia biderkatu egin da.

      Hauek dira Euskal Herriaren aurkako erasoaren gertakari aipagarriak, ohiko zanpaketa kultural, ekonomiko, so- zial, politiko eta militarraren adierazgarri direnak:

      - Espainiak Batasuna herritarren elkartea legez kanpo ezarri eta gero Euskal Herrian armen indarrez aplikatu nahi du lege hori.

      - "Euskaldunon Egunkaria" armen indarrez itxiarazi dute Espainiako epailea eta indar armatuek.

      - Ehunka euskal herritar bahitu, torturatu eta sarraski kartzeletan urrundurik mantentzen dituzte.

      - Egoitz, Hodei, Felix eta Anjel burkideek beren bizia eman dute Euskal Herriaren alde; eta kartzeletako zigor politikaren ondorioz Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi Juankar Balerdi burkidearen ama eta anaia, hurrenez hurren, auto istripuz hil egin dira. Horiekin batera herritar asko eta asko izan dira zaurituak, beren ondasunak bahituak...

      - Euskara eta euskal kulturaren aurkako erasoak etengabeak dira.

      Aurrerantzean ere, Espainiako diktadurak ezarririko salbuespen egoera larriagotu egingo dela ez da sekretua inorentzat. Euskal herritarrok Espainia eta Frantzia diren herri eta herritarren kartzela handitan kate motz eta lodiz gatibaturik behar gaituzte.

      Menpean gaituzten estatuek ongi ulertu dute azken urteotan jorratu dugun borrokaren bidez gure etorkizunaren jabe egiteko abiapuntu garbia eskuratu dugula.

      Estatu zanpatzaileen itsukeria terroristaren muga bakarra Euskal Herriaren defentsarako eta eraikuntzarako gaitasuna da eta.

      Garesti ordaintzen ari gara, garesti ordainduko dugu, baina aske izateko borondate argia azaldu duen herria menpean hartzeko milagarren saio errepresibo antzua baino ez da izango. Aurrekoek bezala porrot egingo duena, porrot egiten ari dena.

      Jauntxo eta politikero batzuek, abertzale baskoespainiarrak, urteroko abertzaletasun pic-nica egiten duten horietakoak, estatuen kartzela handian luxuzko ziega eskaintzen digute. Gatibu gaituztenekin itun berria egiteko asmo planifikatua dute. Espainiaren eraso faxistaren aurrean independentziaren aldeko jarrerak indartuko zirelakoan, eta horiei oztopo egiteko asmatu zen «Ibarretxe plana». Ez diogu guk. Ibarretxek berak baizik. Hitzez hitz: «500 metro karratuko banderei eta patriotismo konstituzionalari independentziaren aldeko proposamen garbi eta sinpleez erantzungo zitzaionaren beldur nintzelako asmatu nuen plana». Badakigu. Berdin egin zuten Moncloako Estatutuarekin.

      Kontua ez da baina independentziaren aldeko oldea geraraztea. Geraezina da Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka. Autonomistek Euskal Herri zatitu baten al-deko apustua eginez, euskal herritarroi funtsezko eskubideetan oinarritutako Euskal Herria eraikitzea galarazi nahi digute: ez baitute gure herria den bezala onartzen, bere berezitasun eta desberdintasun guztiekin. Espainiak eta Frantziak ez digute euskal herritarroi gure nahia eta borondatea libreki agertu eta egikaritzen uzten. Baina Euskal Herria, ezinbestean eta betirako, puzzle zatikatu gisa ikusten duten horiek ere beren esparruan duten kudeaketa gaitasuna edota garapen aukera galtzeko beldurrez, ez dute euskal herritar guztion ahotsa entzun nahi.

      Alderdikeria, poltronen goxoa eta kalkulu elektoral hotzak alboratu eta guztiok batera Euskal Herriaren burujabe- tzaren aldeko erabakitasuna agertzeko parada beharko luke Aberri Egunak. Euskal Herriaren hil ala biziak etsaiarekiko dependentzia itunak ez, baizik eta Espainia eta Frantziak ezartzen dizkiguten kateak hautsi eta euskal herritarron eskubide zibil eta politi- koak bermatu eta gauzatze bidean jarriko dituzten kuraia, jokabide ausartak zein konpromiso iraunkorrak ezinbestekoak ditu.

      Etsaiak trintxeretan ezkutatu eta babestu gaitezen nahi du, ostrukarena egin dezagun. Baina oraingo unea etsaiari haserre dagoen herriaren hortzak erakustearekin batera, urteetan zehar herritarren izerdi eta lanaz eraikitako Euskal Herriaren zutoinak eta herri duintasun eremuak defendatu eta indartzekoa da, borroka eta eraikuntzarekiko konpromisoan sakonduz. Horrek gerturatuko gaitu askatasunera.

      Azken hilabeteotan faxismoaren aurrean eta dagokigunaren defentsan milaka herritarrek erakutsitako adorea eta askatasun grina estatuen proiektu zanpatzaileak gainditu, autodeterminazio eskubidea ezinbesteko oinarri ez duten proiektuak baztertu eta nazio eraikuntzan atzeraezinak izango diren urrats sendoak egiteko baliatu behar dira. Eguneroko ahalegin, saiakera, lan eta borrokaz lortuko dugu hori.

      Euskadi Ta Askatasunak, borroka den bide malkartsu, gogor, batzuetan zail, baina beti eder horretan orain arteko erabakitasun berarekin jarraitzeko konpromiso irmoa berresten du. Euskal Herriaren eskubideak aitortzen ez diren artean ez da bakerik izango. Euskal Herria buru-bihotzean, gure ama-lurraren defentsan bizia ematerainoko konpromisoa berresten dugu. •

      Euskal Herrian,
      2003ko Aberri Egunean

      Euskadi Ta Askatasuna
      ETA

      Índice home